Proiektua

Kirolariek eta kirol-arloko gainerako profesional eta jarduleek, euskaraz aritzen diren kasuetan, askotan zailtasunak izaten dituzte beren ohiko zereginean euskaraz era teknikoan eta profesionalean berme osoz eta zuzentasunez aritzeko. Maiz, kirol-araudiak ez daude euskaraz, eta, ondorioz, kontzeptu horiek izendatzen dituzten terminoak ez daude behar bezala finkatuta kirol bakoitzerako.

Horren ondorioz, ekimen puntualetatik goragoko ikuspegi orokorrago batean, segurtasun-falta sortzen da, eta gaizki-ulertuez harago, euskarak komunikazio-tresna gisa duen ahalmena asko indargabetzen da. Hori dela eta, kirolaren jarduera formaleko testuinguruan, gaztelaniazko komunikazio-prozesu elebakarrak bideratzeko joera sendotzeko arriskua dago, "segurtasunaren" eta "erraztasunaren" indarrez.

Auzi honek sentsibilitate bereziko alderdi bat ukitzen du: gaztetxoengan euskararen erabilera sustatzea. Solasaldi informalaz goragoko hizkuntza-transmisioan, euskararen erabileran segurtasunik ez badute kirol-hezitzaile eta teknikariek, gaztetxoek kirol horren ezagutzak euskaraz behar bezala jasotzeko bideak zaildu egiten dira, eta, ondorioz, ahuldu egiten da kirolak gazteengan hizkuntza normalizatzeko izan dezakeen gizarte-potentzial baliotsua.

UZEIk, urte luzez, hainbat kiroletako kontzeptu-sistemak eta euskarazko terminoak landu eta zehaztu izan ditu (1980ko hamarkadako Kirolkidea gogoangarritik hasita), eta, gerora, 13 kirolen hiztegiak landu dira, eta Euskalterm datu-bankuan jarri dira kontsultagai gizartearen esku. Baliabide horien bitartez, oinarri zabal bat eskaintzen da, beraz, baina badira, oraindik, osatu beharreko beste arlo batzuk: KIROLKIDEA ekimen berriak hutsune hori nolabait betetzeko xedea du.

UZEIk gogoeta egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteriako eta Kiroletako Zuzendaritzarekin batera gai honen inguruan, eta lau kirol/federazio identifikatu ditu proiektu honen helburuekin bat egiten hasteko: HALTEROFILIA, PIRAGUISMOA, TRIATLOIA eta BOLA ETA TOKA.

Kirol horietako euskarazko dokumentazioa bildu eta finkatu da, eta bertako terminologia erauzi da UZEIren baliabideak erabiliz.

Lau lexiko elebidun osatu dira, eta, guztira, 770 kontzeptu landu dira. Betiere, UZEIren kalitate-estandarrak eta hizkuntza-agintaritzen arau eta gomendioak betez.

Gure desioa da lan-baliabide hauek erraztu egingo dutela kirol-hezkuntzan eta kirol-jardueran euskara erabiliz gure hizkuntzaren transmisioa zehaztasunez eta zuzentasunez bideratzea. Eta, arnasa luzeko ekimena izateko bokazioa duenez, gerora beste kirol batzuetara zabaltzeko aukera izatea, ekimenaren irismena are sendoagoa izan dadin.